IOTetxea.com
2.3 DATU METEOROLOGIKOEN ANALISIA: PLUBIOMETROAā€¯ BIDEOAREN TRANSKRIPZIOA.

Kaixo! Bideo honetan plubiometroaren bitartez etxean prezipitazioak neurtzeko metodo bat azalduko dizuet.

Lehenik eta behin ontzi zilindriko bat eskuratu beharko duzue eta ondoren bertan, altuera, bi zentimetroetako tartearekin adierazi, gero erreferentzia gisa hori izateko. Horrez gain, ontziaren diametroa neurtu beharko duzue, erradioa eta altuerarekin batera lortutako ur bolumena kalkulatzeko.

Ontzia prest izandakoan etxetik kanpo utzi beharko duzue aste batez, euria jasotzeko lekuren batean. Egunero, ordu berdinean, lorturako ur kopurua erregistratu eta apuntatzen joan beharko zarete. Gero, datu hauek, estrapolatu eta Euskalmet-eko datuekin alderatu beharko dituzue bat datozen egiaztatzeko. Kontuan izan desberdintasun txiki batzuk izatea normala dela.

Esperimentu honen bigarren zatian berriz, bildutako uraren ezaugarri fisiko edota kimiko batzuk aztertuko ditugu. Horretarako, tenperatura eta pH-a neurtuko ditugu. Gure kasuan esperimentua egiteko euria simulatu behar izan dugu eta pitxer batekin gure ontzia gutxi gorabehera 4 zentimetroetaraino bete dugu, suposatuz, aste honetan zehar euri ur kopuru hori lortu dugula. Orain, ur horren tenperatura neurtuko dugu, termometro normal baten bidez neur daiteke baina gure kasuan teknologia eta datu bilketa lantzeko, hasi gabeko termometroa erabiliko dugu informazioa zuzenean tauletara eta grafikoetara bidaltzeko.

Termometroa plubiometroan sartu eta tenperatura neurtzen hasiko gara, pantailan ikus dezakezue tenperatura marra baten bitartez adierazita ageri dela, kasu honetan lerroa horizontala da tenperatura egonkor baitago. Aldiz, izotz bat sartu ezkero lerro hau jaitsi egiten dela ikus dezakegu. Datu hauek grafiko moduan jasotzeaz gain, taula formatuan ere jaso daitezke eta posta elektronikoz partekatu.

Azkenik, esperimentu zati honekin amaitzeko, termometroa atera eta tabletarekin konektatutako pH neurgailu bat sartuko dugu pHa neurtzeko asmoz. pH neurgailurik izan ezean, farmazian tira erreaktibo batzuk erosi ditzakezue. Tenperaturarekin bezala kasu honetan ere datuak grafiko edo taula moduan jaso daitezke. Pantailan ikus daiteke aztertzen ari garen uraren pHa neutroa dela, izan ere iturriko ura baita. Beraz, pH-an aldaketa bat ikusteko asmoz, ontzian, laranja zuku apur bat botako dugu. Tarte bat itxaron ondoren aldaketak ikusten has gaitezke. Laranja zitrikoa izanik, ura neutroa izatetik azido izatera pasa da. pH-aren jaitsiera ikusita berriz ere nola egonkortzen den ikus dezakegu baina oraingoan neurri baxuago batekin.