Kaixo! Gaurko honetan gai honetarako beharko dugun muntaketa nola prestatu azaltzera natorkizue. Kasu honetan, muntaketarako Arduino plaka, plaka hau elikatzeko pila euskarria eta emariak neurtzeko sentsorea beharko ditugu. Horrez gain, urez betetako ontzi bat beharko dugu.
Adibide bezala prestatu dugun muntaketan ikus dezakezuenez, erabiliko dugun ontziaren tapan sentsorea ezarri dugu eta, honi lotuta, Arduino plaka eta elikatze-puntua ditugu. Kasu honetan, kable gorria sentsorea elikatzeaz arduratuko da, kable beltza GNDra doa eta berdeak datuak biltzeko balioko du.
Sentsoreak ura ukitzen ez duenean, RGB led argia berdez agertzeko programatu dugu; aldiz, urarekin kontaktuan egonez gero, gorrira aldatzeko programatu dugu.
Aurrerago, beste bideo batean, muntaketa honekin egiteko esperimentua proposatuko dizuegu, baina, orokorrean, esan daiteke ur-kopuruak kontrolatzeko eta gainezka ez egiteko balioko digula. Orain zuei dagokizue muntaketa prestatzea!