Argi-kutsadura
Argiztapen-iturri artifizialetatik irten eta atmosferan sakabanatzen den gehiegizko argiari argi-kutsadura esaten zaio. Kutsadura-mota horren ondorioz, gaueko zeruan distira handiagoa egoten da, eta horren eraginez izarrak ez dira ondo ikusten, beste hainbat arazorekin batera.
Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko 34/2007 Legeak honela definitzen du argi kutsadura:
«Argi-kutsadura»: gaueko argi-distira da, gasetan, aerosoletan eta atmosferan esekita dauden partikuletan argia barreiatzeak eta islatzeak sortutakoa. Gaueko orduen baldintza naturalak aldatzen ditu, eta zeruko objektuen behaketa astronomikoa oztopatzen du. Distira hori bereizi behar da distira naturaletik.
Argi-kutsadurak uste baino ondorio larriagoak eragiten ditu. Izaki bizidunak, eboluzioan zehar, bizi-erritmoa (bioerritmoa) ziklo astronomikoetara egokitzen joan dira (hala nola egunaren eta gauaren arteko txandakatzera). Hala ere, badirudi arriskua dagoela gizakia berriro bide naturalean sartzeko eta gaua “ezabatuz” bioerritmo horiek aldatzeko. Horrenbestez, argi ikus daiteke argi-kutsadurak ondorio larriak dituela izaki bizidunengan, besteak beste gugan.